1 2 3 4  
 
   
 
   
  Eduardo
Galeano
 
No dejan ver lo que escribo porque escribo lo que veo.


 
 
   
 2000KO EKAINAK 7  
 
Negu Gorriak eta Esan Ozenkiren defentsak erabilitako arrazoinamenduaren lehen zatia onetsi zuen Auzitegi Gorenak, artean espetxean zegoen Rodriguez Galindoren demanda txarto planteatuta zegoela-eta. Izan ere, kantua osatzen lagundu ez zuen Jon Maia inputatuta zegoen, baina ez kantuaren autoreetariko bat, Mikel Campos. Beraz, eskubideak urratuak zituen, entzunarazteko aukerarik ez zuen, baina, hala ere, zigorra jaso zezakeen, adibidez.

Magistratuak ontzat eman zuen lehen argumentua, Negu Gorriak eta Esan Ozenkiko abokatu Miguel Castellsek zigorra ezeztatzeko aurkeztu zituen hamahiru arrazoietatik bat. Magistratuak ez zuen baloratu adierazpen-askatasunak “Ustelkeria” babesten zuen ala ez, eta Negu Gorriak absolbitu zuen. 1996ko amaieratik deseginda zegoen taldea.

Errekurritu, demanda Konstituzio Auzitegira eraman eta prozesua beste bi edo hiru urte luzatzeko aukerak ez zirudien beteko zenik: "Rodríguez Galindok errekurtsoa aurkeztu dezake, baina gaitz dauka, eta aholku on bat ematen badiote, logikoena da gaia amaitutzat ematea”, adierazi zuen Miguel Castellsek.

 
 
   
 2001EKO URTARRILAK 10  
 
Jeneralaren defentsak Auzitegi Gorenaren sententziari helegitea aurkezteko zuen epea amaitu eta gero, Negu Gorriak taldekoek itzulera iragarri zuten ongintzazko bi kontzertu bizi eta hunkigarritan “hitzaren garaipena” ospatzeko, otsailaren amaieran. Herri deiadarra zela eta, hiru kontzertu egin zituzten. Guztira 30.000 pertsona hunkitu egin ziren taldearekin, eta taldearen epaiketako garaipena ospatu zuten euskal rockaren historiarako izango ziren hiru gauetan.

Hitz Egin! kanpainan parte hartu zuten guztiek kontzertuetarako sarrera bat eta “Ustelkeria” diskoaren edizio bat jaso zuten. Orduantxe jarri zen lehenengo aldiz dendetan salgai, eguneratutako liburuxka batekin.
Sententzia ekonomiko gogorrari aurre egiteko balizko aukera zela-eta taldeak sortu zuen segurtasun kutxaren fondoak banatu zituzten, adierazpen-askatasunaren defentsan ezagunak ziren hiru komunikabideren artean.

Zortzi urte igaro eta gero, adierazpen-askatasunak beste garaipen bat lortu zuen hitzen inkisidoreen aurka. Taldeak hasitako borroka nagusia irabazita zegoen.